Arbasok, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala sustatzeko Elkarteak, Euskal Dendaren 25. edizioaren ateak zabaldu ditu, gaur goizean, hain zuzen ere. Elkartearen ekitaldi garrantzitsuenetako honek, berriro ere, Durangoko merkatu plaza izango du sektoreko makro-erakusleihoa.
Arbasorekin batera hainbat politikari egon dira irekiera ofizialean, Durangoko alkatea, Ima Garrastatxu, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatua, Lorea Bilbao, Gerediagako Elkarteko arduradunak, besteak beste.Beste behin ere, Euskal Denda sektorearen erakustoki onena izango da. Helburu nagusia artisautza tradizionala zein garaikidea bultzatzea eta merkaturatzea da, beti ere, Euskal Herrian egindakoaren zigiluaz.
Gero eta dibertsifikatuago, zabalago, heterogeneoago eta eklektikoagoa den artisautza sektore honetan, bisitariek 52 erakusmahaietako artisauen produkzioak izango dituzte gozagai abenduaren bostetik zortzira. Gainera, erakustaldietan parte hartu ahalko dute eskuzko lanbideak barru-barrutik ezagutzeko.
Hartara, Euskal Denda topaleku saihestezina izango da artisautza bizirik dagoen sektorea dela egiaztatzeko; horren adibidea da, Durangon, lehen aldiz parte hartuko duten artisauen kopurua, 52 firmetatik 18, % 36a, alegia. Argi geratzen da sektorean belaunaldi berria datorrela eta erakundeen aldetiko laguntza behar duela irakite bizian dabilen gremio honek.
Profesional hauek biziraungo badute, behar-beharrezkoa da, krisi garaian, artisauen lana bertatik bertara ikusaraztea; horixe baita Euskal Dendaren funtsa, hain zuzen ere. Izan ere, artisautza bizimodu bat da, gure herriaren balio kulturak bultzatzeko modu bat da, baita garapen ekonomikoa sustatu eta, gaur egun, galtzen doazen ogibideak bizi-iraunarazteko modu bat ere. Horrela bada, ekimen honen inguruan Euskal Herriko artisautzaren eta antzinako lanbideen gailenak batuko dira. Ezin dugu ahaztu artisautza bizimodu bat dela.
PARTE
HARTZAILEAK ETA ESPEZIALITATEAK
Aurreko urteetako ildoari jarraituz, Euskal Dendak Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak izango ditu. Espazioak markatzen ditu ratioak, merkatu plazako 1.600 metro koadroak; horrek ezinezko egiten du Euskal Denda haztea bertan dauden ekoizle kopuruari dagokionez. Beraz, guztira, 52 artisau etorriko dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik. Bestalde, bertan izango diren firma askok lehen aldiz parte hartuko dute, 18 profesional batuko dira aurtengora; beraz, hori ere bada berrikuntza. Alegia, artisauetatik % 36k estreinakoz parte hartuko dute azoka honetan, kutxu freskoa eta eraldatzailea emanez.
Lurraldekako parte hartzea dela eta, beste urte batez, Bizkaiak izango du ordezkari gehien, 25 artisau. Gipuzkoatik hamabost etorriko dira, asko lehen aldiz; Arabatik bost eta Nafarroatik sei. Ipar Euskal Herritik artisau bat izango da gure artean.
Sektorekako sailkapena egiten badugu, ehungintzaren sektorea nabarmentzen da aurten, bertsio desberdinetan; izan ere, 12 artisauen artean, osagarriak, moda edo feltroa lantzen dituzte. Beraz, sektorearen segmentu bat da, nabarmen aurrera doana. Bitxi-denda ez da atzean geratu, eta zazpi artisau-tailer izango dira, beste horrenbeste ekoizlerenak. Era berean, aipagarria da Euskal Dendan txoko garrantzitsua egin duen nekazaritzako elikagaien sektorea. Aurten, sei espezialista izango batira, onenak bere esparruan, eta egun hauetan leku berezia hartuko duten produktuekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario